Abian da “OtxarkoaGO!” ekimena, auzo bilbotarrean urte osoan gazteentzako kultur eta kirola jarduerak eskaintzen dituena
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Tendel Elkartearekin eta Otxarkoaga auzoko beste elkarte batzuekin lankidetzan eta Jaureguizar higiezinen enpresaren babesarekin, zazpi jarduera-esparruz osatuta dagoen “OtxarkoaGO!” aisialdi programaren hirugarren edizioa abiaraziko du aste honetan bertan. Eremu publiko eta pribatuaren arteko lankidetzan oinarritu eta hiritarren partaidetza ardatz duen ekimen honetan, Otxarkoagako auzotarrek argazki ikastaroak, sukaldaritza, graffitiak, kirol probak, multiabenturako jarduerak eta zinema-emanaldiak bezalako proposamenak aurkitu ditzakete. Antolatzaileek adierazi dutenez, programan bildutako jarduera guztiek partaide kopuru mugatua dutenez gero, derrigorrezkoa da aldez aurretik udaltegian izena emanda egotea. Matrikula egiteko epea jarduerak hasiko diren egunera arte mantenduko da zabalik, aurreikusitako kopuruak estaltzen ez baldin badira, behinik behin.
“OtxarkoaGO!” ekimenaren hirugarren edizio honetarako, zazpi jarduera-esparru antolatu dira: Activisual, Entretalleres, Adventuris, Cinestudy, Deporkoaga, Bakioh eta Ikasjolas. Ekintza guztiak urtea amaitu arte luzatuko dira.
Programaren hirugarren edizio hau hasteko, “Activisual” zikloaren barruan antolatutako irudi digitalari buruzko tailerrak abiatuko dira. Tular Elkarteak Photoshop teknika lantzeko zortzina orduko hiru ikastaro antolatu ditu, oinarrizko maila, ertaina eta maila gorena barne hartuko dituztenak, merkatuan irudi digitala aldarazteko dagoen programarik hedatuenaren erabileran trebarazteko asmoz. Ikastaro guztiak Otxarkoagako udaltegian emango dira, eta 10 euroko prezioa izango dute pertsona bakoitzeko.
Irudi digitalaren inguruko “Activisual” tailerrek zazpi jarduera desberdinetan trebatzeko aukera eskainiko dute aurten (Photoshop CS ertaina eta Photoshop CS gorena, argazki erretratua, argazki digitala, gazteentzako sukaldaritza eta graffitiak), bai eta “Otxarkoaga eta bertako jendeak” izenburuko argazki lehiaketa ere.
Bestalde, “Entretalleres” ekimenak aire zabalean puzgarriez, dantzaz, karaokeaz, magiaz eta globoflexia, papiroflexia, makillaje, pintura eta jolas tailerrez gozatzeko aukera emango die auzoko familiei. Gainera, apirilaren 13an, Otxarkoagako III. Herri Lasterketa egingo da.
ABENTURA, ZINEMA ETA KIROLA
Halaber, “Adventuris”-ek Gorlizen abentura jarduerak egiteko modua eskainiko die gazteei monitore espezializatuen eskutik. Horrela, arku-jaurtiketa, body board eta beste jarduera batzuetako trebezia frogatu ahal izango dute.
“Cinestudy” ekintzak haurrei zuzendutako film-aukeraketa berezia pantailaratuko du, eta “Deporkoaga” jarduerak auzoko gazteak gonbidatuko ditu futbol eta saskibaloi lehiaketetan parte hartzera. Azkenik, “Bakioh” delakoak Bakio aldera irteerak edo txangoak egitea proposatuko die gaztetxoenei, naturan antolatutako jolas eta jarduerez goza ahal daitezen.
Aurtengo berrikuntza gisa, “OtxarkoaGO!” ekimenak “Ikasjolas” deritzon jarduera antolatu du, neska-mutilei auzoaren historia ezagutaraztea xede duena, horretarako prestatutako bisita gidatu eta ibilaldien bidez. Horrekin batera, Lope de Vega, Artatse eta Francisco de Goya ikastetxeek musika tailerrak antolatuz parte hartuko dute aurten.
Aurreko urteetan bezala, jarduera hauen guztien amaieran, GO! 2008 Sariak banatuko dira. Golardo hauen helburua, Otxarkoagako auzoaren alde lanik gehien egin duten herritarrak, elkarteak edo erakundeak omentzea da. Auzokideak berak izango dira irabazleak hautatuko dituztenak, eta horretarako, abendura arte izango dute zabalik udaltegian botoa emateko aukera
Últimos comentarios